Profesionalez osatutako epaimahai batek aukeratu du proposamena, maiatzaren 11tik 20ra bitartean egoitzako Kristalezko Patioan erakutsi ziren hamar finalisten artean, herri-bozketa kontuan hartuz.
Diseinu berriak BilbaoArte produkzio-zentro moderno gisa identifikatzea ahalbidetuko du, Urazurrutia kaleari kolore ukitu bat emateaz gain.
(Bilbo, 2022ko maiatzak 24a). – Iagoba Moly diseinatzailearen ‘Rojo, blanco, etc.’, proposamenak irabazi du BilbaoArte Fundazioaren egoitzaren fatxada nagusia berritzeko ideien lehiaketan, Bilboko Udalaren arte garaikideko zentroa dena.
Hautatutako ideia fatxadako harlanduak margotzeaz baliatzen da degradatuak eta kolore-eskalak sortzeko. Alberto Corazonek diseinatutako BilbaoArteren logoaren kolore bereizgarrienak nabarmentzen dira, erakusketa-aretoko sarrera fundazioaren eta Bilboko Udalaren logoen kolore gorri bereizgarrian estaliko delarik.
Egilearen hitzetan, “Rojo, blanco, etc. (Gorria, zuria, eta abar) proiektuak, BibaoArte Fundazioaren fatxada pinturaz apaintzeko asmoa du, egungo erabilerara hobeto egokitu dadin, itxura esperimentalagoa eta artistikoagoa emanez, baina eraikinaren fatxada neoklasikoa erabat ezabatu gabe. Horretarako, Gregorio de Ibarretxe Ugarteren eraikineko elementu apaingarri eta arkitektonikoekin jolastu dut”.
6.000 euroko saria merezi duen proposamen artistikoa hainbat arlotako profesionalek osatutako epaimahai batek aukeratu du: Fundazioaren patronatuak, Surbisak, BilbaoArtek, Bilbo Zaharreko auzo elkarteak eta artista batek osatutakoa, alegia. Azken erabakia hartzeko, herritarren bozketaren emaitza hartu da kontuan. Bertan, proposamen hori eta beste bat ziren faborito, eta irabazlea epaimahai bakoitzeko banakako bozketan boto gehien jaso dituena izan da.
Parte hartu duten 34 proposamenen artean, askotariko diseinu eta kolore-paleten artean, finalistak honako hamar proposamen hauek izan dira: Iagoba Molyren ‘Rojo, blanco, etc.’, Manu Arreguiren ‘Reflejos recibidos desde la acera de enfrente’, Esteban Torresen ‘El orden verbal’, Guillermo Melgosaren ‘Reacondicionamiento de fachada’, Javier Rodríguezen ‘43.25288, 2.92301’, Fermín Morenoren ‘CMYK’, Maite Choya eta Daniel Alegreteren ‘Esekitoki’, Iván Beltránen ‘Flysch’, eta Leire Zabalaren ‘BilbaoArteina azalean’ eta ‘All Iron’.
Azkenik, proiektua enpresa profesional espezializatu batek gauzatuko du, betiere artista egileek ikuskatuta.
