Bilboko Udalaren arte-produkziorako zentroak erakusketa honekin (urtero egiten da) agurtuko du urtea, 26 artistaren eta bi arte-kolektiboren lanekin.
Artistez osatutako epaimahai batek hautatuko ditu 2023an bakarka erakusketa bat egitea merezi duten proposamenak.
BilbaoArte zentroa, joandako hilabeteotan, bereziki saiatu da han bizi diren artisten komunitateari ematen dizkion zerbitzuak hobetzen, eta, gainera, berrikusi egin du BilbaoArteren eredua.
(Bilbo, 2022ko abenduaren 1a).- Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin eta Javier Riaño BilbaoArteren zuzendariarekin batera, BilbaoArte Udalaren ekoizpen artistikorako zentroaren urteko erakusketa inauguratu du, zeinean aurten egoiliar izan diren artisten obra biltzen baita. Inaugurazio ekitaldi honetan, Juan Mari Aburtok lan bakoitzaren lan-prozesua ezagutu ahal izan du, egileek eurek azalduta; zorionak eman dizkie artistei, eta jakitera eman die Udalak konpromisoa duela BilbaoArte produkziorako zentroak eskaintzen duen ereduari eusteko eta sendotzeko.
Udalaren arte-produkziorako zentroko aretoetan, aurten, 28 proposamen izango dira erakusgai jarrita, adin bateko eta besteko 28 artista garaikiderenak, bertako, Estatuko eta nazioarteko artistenak (Mexiko, Uruguai eta Peru). Lanen artean ikusi ahalko dira arte garaikidearen azken joeren eta lanerako modu eta prozesuen erakusgarri diren aleak. Ateak irekita egongo dira jendearentzat abenduaren 2an, 5ean, 7an eta 9an, eta aukera izango dute aldez aurretik hitzordua hartuta ibilaldi gidatuak egiteko.
Aurten parte hartu duten artistak hauek dira: Maider Aldasoro, Daniel Alegrete González, Leyre Arraiza, Art Builders Group, Iván Beltrán, Marta Beltrán, Javier Bravo De Rueda, Lu Chamorro, Maite Choya Robredo, Silvia Coppola, Mar Cubero, Gabriela Cuestas Gómez, Élan D’Orphium, Santiago Fernández Honrubia, Ada Garrués, Salva G. Ojeda, José Félix Glez. San Sebastián, Paula Guerrero & Bruno Delgado Ramo, Iratxe Hernández Simal, Manuela Inclán, Jimena Kato, Gala Knörr, Idoia Leache, Ara Méndez Murillo, Estela Miguel Bautista, Sofía Montenegro, Ventura A. Pérez eta Claudia Rebeca Lorenzo.
Abenduaren 9an, barikuan, jardunaldien atzenengo egunean, June Crespo, Aitor Ortiz eta Txaro Arrazola artistek osatutako epaimahai bat ibiliko da aretoetan zehar, eta 2023an banakako erakusketa bat egitea merezi duten proiektuak hautatuko dituzte. Haien erabakia gaur arratsaldean emango da jakitera jendaurrean, zentroan bertan, artisten aurrean.
ATZERA BEGIRAKO URTE BAT
BilbaoArteren bidez, Udala, joandako atzenengo hilabeteotan, saiatu da han bizi diren artisten komunitateari eskaintzen dizkion zerbitzuak hobetzen. Lehenengo seihilekoan BilbaoArteren eredua berrikusteko lan-mahai batzuk eratu zirenetik, proiektu berriei ekin zaie, hala nola zentroaren eremuak berrantolatzea, Abandoibarreko egoitza handitzea edo Otxar Open Gela delakoan une jakinetan erabiltzeko estudio batzuk irekitzea.
Fundazioak 400 artista ingururekin emango dio amaiera 2022ari; haiei guztiei aukera eman die ekoizpen profesionalean aritzeko, laguntzaileekin. Artista kopuru hori, bestalde, etengabe haziz joan da. BilbaoArteren jardueren programari dagokionez, 50 agente baino gehiago ekarri ditu artearen mundutik, ikastaroak, mintzaldiak, mintegiak eta hitzaldiak eskaintzera era bateko eta besteko gaien inguruan. Guztira, 14 erakusketa ekoitzi ditu; 200 proiekzio baino gehiago programatu; sei hitzaldi eskaini, eta bederatzi formazio-programa eta sei emanaldi zuzenean; bestalde, bederatzi argitalpen produzitu ditu.
