Bilboko Udalaren arte-produkziorako zentroak urtero egiten den erakusketa kolektibo honen bidez amaituko du 2021. urtea, 26 artistaren eta arte-kolektibo baten lanekin.
Arte plastikoen alorreko profesionalen epaimahai batek zazpi proposamen hautatuko ditu, 2020an bakarkako erakusketa bat egin dezaten.
(Bilbo, 2021eko abenduaren 9a).- Juan Mari Aburto Bilboko alkatea BilbaoArte Fundazioaren urteroko erakusketa ikusten izan da, non aurten beka jaso duten artisten obra biltzen baita; datorren astelehenean (abenduaren 13an) hasi eta 17ra arte egongo da irekita herritarrendako.
Inaugurazio ekitaldi honetan, Juan Mari Aburtok lan bakoitzaren lan-prozesua ezagutu ahal izan du, egileek eurek azalduta; zorionak eman dizkie artistei, eta jakitera eman die Udalak konpromisoa duela BilbaoArte produkziorako zentroak eskaintzen duen ereduari eusteko eta hura sendotzeko. “Bera da arte-sorkuntzako gune batek izan behar duen erreferentea eta eredua: irekia, askotarikoa, zeharkakoa eta etengabe hazten ari dena. Erreferentziazko eta topaketako gune berezi bat. Ez dago Estatuko lurralde osoan beste zentro bat Bilbao Artek eskaintzen dituen goi-mailako zerbitzuak eskaintzen dituenik”, adierazi du.
Udalaren arte-produkziorako zentroko aretoetan, aurten, 27 proposamen izango dira erakusgai jarrita, adin bateko eta besteko 28 artista garaikiderenak, bertako nahiz Estatuko artistenak eta nazioarteko artistenak (Mexiko, Kolonbia edo Brasil). Lanen artean ikusi ahalko dira arte garaikidearen azken joeren eta lanerako modu eta prozesuen erakusgarri diren aleak. “Era bateko eta besteko arte-praktiken bidez jartzen da agerian proposamenen kalitatea, eta, proposamen horietan, Fundazioaren eta haren profesionalen bitarteko teknikoak funtsezkoak gertatzen dira asmo handiko erakusketa hau gauzatzeko”, adierazi dute BilbaoArteko arduradunek.
ARTISTEKIN ELKARTZEA
Hona zeintzuk diren erakusketa kolektibo honetan parte hartzen duten 26 artistak eta arte-kolektiboa: Urtzi Canto, Liben Svaart, Cristina Zafra, Malu Hatoum, Miquel Ponce, Julia Martos, Mikel Escobales, Roberto Coromina, Begoña Zubero, Miguel Alejos, Fernando Cremades, Amaya Suberviola, Rocío Agudo, Gari Arambarri, Carlos Ramírez-Pantanella, Miguel Ángel Madrigal, Natalia Suárez Ortiz De Zárate, Bernarda Beñat Garmendia eta Maialen Gallastegi, Jon Ander Terroba, Ibon Landa, Helí García, Gin Ro, Sara Padilla, Leire Lacunza, Santiago Ortiz, Guillermo Velasco eta Elvira Amor.
Erakusketaz gain, abenduaren 14a eta 15a osoki emango zaizkio artistak eta haien proiektuak ezagutzeari, eta proposamen bakoitza zeharo aurkeztuko da. Topaketa hauek Fernando Castro Flórez arte kritikariak koordinatuko ditu, eta goiz eta arratsalde izango dira, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Martitzenean, abenduaren 14an, mintzaldi bat izango da Fernando Castrok emana.
Barikuan, hilak 17, jardunaldietako atzenengo egunean, Ana Laura Aláez (artista), Mafalda Rodríguez (Reina Sofía museoa) eta Nekane Aramburu (artearen historialaria, kultur kudeatzailea, museologoa eta jagolea) guneetan zehar ibiliko dira eta 2022an zehar banakako erakusketak egiteko zazpi proposamenak hautatuko dituzte. Haien erabaki jendaurrean emango da ezagutzera arratsalde horretan bertan, artisten aurrean.
SEKTOREARI LAGUNTZEA
Ekitaldi honetan zehar, hainbat ekimen jarri dira abian geroan ere sektoreari laguntzeko. BilbaoArteren bidez, Udalak BAGI! deialdia jarri zuen abian. Bilbao Arte Gela Irekiak 10 jarduera-programa burutu zituen, txit konpliak.
Joan deneko sei hilabete honetan, BilbaoArte izan da hainbat gairen gaineko programen ardatza, eta erdigunera ekarri ditu artearen munduko 100 eragile baino gehiago, ikastaroak ematera, hitzaldiak egitera, mintegiak eta mintzaldiak eskaintzera. Euskadin sorkuntza garaikidearen jasangarritasunaren eremuak landu dira, orobat, munstrokeriaren iruditeria, zeramika garaikidea, performancea, teknologiazko eta zientziazko artea, langile munduaren iruditeria, ikusizko artearen bidezko idazkuntza, eztabaida feminista arte garaikidean, zinema bertako artxibotik abiatuta, grabatua, collagea, marrazkia.
BilbaoArteren jardueren artean, nabarmentzekoak dira 17 erakusketa: 330 lan ikus-entzunezko baino gehiago proiektatu izana (film luzeak eta film laburrak), 14 gai-ziklotan eta bost zinema jaialditan banatuta; 36 hitzaldi eta mintzaldi zinemaz, marrazkigintzaz, argazkigintzaz, grabatuaz edo packaging-az; 37 jarduera programa (26 tailer, zortzi mintegi eta hiru ikastaro), zinema dokumentalaz, marrazkigintzaz, grabatuaz, fotograbatuaz, argazkigintzaz, eskulturaz, sorkuntza digitalaz eta artearen kontserbazioaz; eta bost kontzertu, opera ikuskizun bat eta performance kolektibo bat streaming-arekin eta live cinemako ikuskizun bat.
HIGIENE ETA OSASUN NEURRIAK ETA SEGURTASUN NEURRIAK
BilbaoArtek gogorarazi du Ate Irekien Jardunaldietan ohikoak diren osasun protokoloak ezarriko direla: gelak erabiltzea guztientzako gune guztietan; maskara nahitaez jantzi beharra barruti itxi guztietan; gehienezko jende kopuru mugatua duten ekitaldi publikoetara joaten diren pertsonak identifikatzeko datuak biltzea; segurtasun tarteak zaintzea; azken jarraibideek ezarritako gehienezko jende kopuruak betearaztea; guneak aireberritzea era jarraituan erabili ostean; eta jenderik gehien pilatzen den ekitaldietan, tenperaturak hartzea.
