Gune hori, beraz, erakusketa aretotarako eta udal ekoizpen-zentroaren obren biltegitarako baliatuko da, eta han erakutsiko dira bai Fundazioko artisten ekoizpenak, bai haren bilduma handia.
Gune berria irekitzea izango da datorren urtean ospatuko den BilbaoArteren 25. urteurreneko ospakizunen arteko bat, beka berriak iragarriko direnean.
Bilboko alkateak eta Javier Riaño BilbaoArteren zuzendari berriak aurreratu dute, plan estrategiko berriari buruz, erdigunean jarriko duela artista, eta haren profesionalizazioa lehenetsiko duela, kalitate tekniko handiko obrak ekoitziz tailerretan eta estudioetan.
(Bilbo, 2022ko ekainaren 3an). –BilbaoArte Bilboko Udalaren Ekoizpen Artistikoko Zentroak kokagune berri bat izango du Abandoibarrean, bigarrena; hala iragarri du gaur goizean Juan Mari Aburto alkateak, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin den prentsaurreko batean, Javier Riaño BilbaoArte Fundazioaren zuzendari berriarekin eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziarekin batera.
Herriak Egiten funtsak finantzatzen du handitzeko proiektua, eta, beraren bidez, BilbaoArteren erakusketa-gunea beste leku batera aldatuko da, urian erdialderago, uriko kultur bizimodurako leku estrategikoago batean, Guggenheim Bilbao Museotik eta Arte Ederren Museotik gertu. “Nahiz bilbotarrek, nahiz Bilbora bisitan datozenek, orain, errazago izango dute Udalaren Arte Zentro honetara sartzea eta erakusketak gozatzea, eta orobat Fundazioaren bildumako funtsen erakusketa kolektiboak”, adierazi du alkateak.
Zentroaren 25. urteurrenerako urtebete baino gehitxoago geratzen dela, BilbaoArte eguneratzeko eta zabaltzeko beharragatik bideratzen da hura handitzeko proiektua; “eraikina txiki ari zen geratzen, duela zenbait urtetik hona kudeatzen ari den jarduera ugarietarako. Zentroaren eta artisten aukerak mugatuta zeuden, lekuagatik, bilakaera handia izan baitu 1998an sortu zenetik, orain baditu-eta estudio hobeto hornituak, tailer-maisu profesional ibilbide handikoak eta tailer digital bat artista ugarik erabiltzen dutena duela sei urtetik“, jakitera eman du Juan Mari Aburtok.
Hobetzeko eta handitzeko asmo horrekin berarekin, zentroaren bildumaren funtsak, dagoeneko, 500 obra baino gehiago dira, zentroaren tailerretan eta estudioetan sortuak. BilbaoArteren gune berria, halaber, bilduma horren biltegi eta erakusketa-areto ere izango da, eta beka jasoko duten artisten artean hautatutako proposamenena ere bai.
BEKA EREDUA BERRIKUSTEA ETA EGUNERATZEA
Alkateak nabarmendu egin du BilbaoArtek Bilboko eta Euskadiko talentu berriei ematen dien bultzada eta babesa, “areto hau, hala, hasiera-hasieratik izan da gazteen sormenerako leiho bat, era guztietako arte-arlo eta praktika garaikideak hartzen dituena, bertako artisten esku jarria“.
Artistek gaur egun bizi duten errealitateari egokitzeko gogo horrekin berorrekin, joan den martxoan lanerako mahai-inguru batzuk egin ziren, zentroak sortzaileen komunitateari zer prestazio eskaintzen dizkion aztertzeko.
Gogoeta hori egiteko eta Fundazioaren zerbitzu eta programa bakoitza baloratzeko, artisten batzorde bat eratu zen, arlo bateko eta besteko sortzaileekin, zeintzuek maila bateko edo besteko harremana baitaukate zentroarekin, hala nola: Luis Candaudap, Ramón Churruca; Fermín Moreno; Ixone Sádaba; Zuhar Iruretagoiena eta Blanca Ortiga. BilbaoArteren zuzendariaren ustean, “lanerako mahai-inguru hauek biziki argitu dute BilbaoArtek hemendik aurrera hartu beharreko bidea.”
Hala, bada, eta artisten haztegiari buruz, Javier Riaño BilbaoArteren zuzendari berriak hau azaldu du: “plan estrategiko berriak erdigunean jartzen du artista, eta haren profesionalizazioa lehenesten du, kalitate tekniko handiko obrak ekoitziz tailerretan eta estudioetan. Guk arte gazteenaren, engaiatuenaren eta garaikideenaren alde egiten dugu.”
25. URTEURRENA
“25. urteurrenerako, BilbaoArte Fundazioa prestatzen eta egokitzen ari da garai berrietarako“, adierazi du Riañok. Udalaren Arte Ekoizpenerako Zentro honek 25. urteurrena ospatuko du 2023ko azaroan, eta Juan Mari Aburtok nabarmendu nahi izan du nola finkatu den Europako artearen arloan erreferente osatuenetako eta nabarmenenetako baten moduan.
Datozen hilabeteetan, Udalak eginahalak egingo ditu plan estrategiko bat lantzeko, zeinaren bidez BilbaoArte zentro sendo bat bihurtuko baita, arte-ferietan lekua izango duena, Europako beste arte-zentro batzuekin truke berriak abiatuko dituena, eta zeinaren bidez zentroa berregituratu egingo baita tailerren eta artisten beharrizanetara hobeto egokitzeko, eta zeinak, jakina, Uribitarteko kaian erakusketa-areto berri bat inauguratzea ekarriko baitu.
