Cuero 1 [Larrua 1] (2023)
Larrua, haria, pintura eta esprai-pintura akrilikoa
70 x 110 cm
BilbaoArte Bilduma
Erregistro zk.: 2023.565.1
Larrua 1ek larrua erabiltzen du material moduan, eta beraren gainean plaza batean dantzatzen duen gorputz baten ibilbideei buruzko motiboak bordatzen dira, poliesterrezko tortzal-hariarekin (larruaren kolore berberekoa). Obrak plaza gisa ulertzen du azalera osoa, Diamantearen Plazari erreferentzia eginez, zeren obra literario horretatik abiatzen baita obra hau barne hartzen duen “Hitzek niri esaten didate, seinalatzen naute” izeneko Seriea. Motiboen artean ez daude balizko joan-etorriak soilik, baizik eta baita txotis baten ibilbideari buruzko erreferentzia bat ere, artistaren identitateari keinu eginez, bera madrildarra baita. Aldi berean, “gorputza” eta “izena” hitzen bordatuak hauteman daitezke. Horiek piezaren asmo nagusia gidatzen dute, zeren ilunpetan zerbait ezkutatzeko ahalmenaz hausnartzen baitu, aurkitzeko aukera ere eskainiz. Bilaketa hori argirik ezean ahalbidetzeko, Larrua 1 izeneko plaza metaforikoan bada hegaltxo bat ere (proiektu osoan behin eta berriz agertzen den ikurra), bordatua eta geroago esprai islatzailez pintatua, ilunpean ibiltzeko gida gisa. Berau norabide, buelta eta jauziz betetako plaza batean sartzera eramango gaituen seinale eta gantxoa izango da.
Alexia Cobo (Madril, 1995). Artista eta ikertzailea, Moda Diseinua ikasten hasi zen Madrilgo ESDn, baina karreraren erdian bertan behera utzi zuen Arte Ederrak ikasteko, Madrilgo Complutensen. Aldi berean, Juan Galleryrekin kolaboratzen hasi zen, egonaldiko artista gisa, bere obra topaketa ugaritan erakutsiz, hala nola Acción XM2, La superinstalación edo La Juan está de moda, beste batzuen artean. Garai horretan, performancearekin eta zuzeneko artearekin estu lotutako ekoizpen bat garatuz joan zen. Horrekin batera, zenbait topaketatan parte hartu zuen, hala nola Acción Spring-t, Nart Estudioa, San Migueleko Arte Garaikideko Bienala edo Espronceda BCN. Karrera bukatzean, Bilbora joan zen UPV/EHUko Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa masterra ikastera, eta bertan jarraitzen du gaur egun, doktorego-ikasketak egiten.

