Ziteron IV (2003)
Kolorezko fotomuntaketa dibond gainean
90,5×115 cm
BA Bilduma
Erregistro zk.: 2003.29.1
Ixone Sádabak leku mitiko bat izendatzen du bere argazki izugarrietan, Citerón mendia. Lurralde horretan, bakanteek, emakume basatiek, beren desordena ezartzen dute. Bertan aurkituko du Penteok heriotza, zatitan suntsitu baitzuten, Dionisoren erruz. Bera da, neurri handi batean, ikuspegia sustatu eta konprometitzen duena. Voyeur edo ikuslearen desioa eta amaren zorakeria tarteko, buru bat ikusiko dugu makila baten gainean, zentzu guztietan bizia eman zionak eutsita. Aipatzekoa da Ixone Sádabak haserrez eta indarkeriaz beteriko kontakizun batera jo duela bere argazki-ipuinak islatzeko. Horiek, adierazi dugun bezala, bikitasunaren inguruan dabiltza etengabe. «Biki gisa sortzen gaituzte, baina ia guztiak bakarrik jaiotzen gara. Hasieratik gara bikiak baina gero gutariko bat desagertu egiten da. Elkarrekin, hasierako bikiek aurre egiten diete indar primitiboei eta espazio bat sortzen dute zaldiak heztea, lurra ereitea, ekaitzaren aurrean bizirautea eta abar posible den mundu honetan; gero, batak bestea irensten du. Desagertzen den bikiak papiro bat bezain gorputz lehor eta argala uzten du atzean». Bikoiztasun horren inguruan azaltzen dira desegokitasuna, zirrara, sakrifizio-beldurra, eta, noski, ospakizunak eta sormen-prozesuak ezartzeko beharrizana (Fernando Castro).
Sádabak argazkigintzaren, instalazioaren eta arte eszenikoaren bidez lantzen du inetresatzen zaiona, gizakiaren izaera indibidual eta bortitzaren mugak etengabe aztertuz, “agertoki politikoak” deitzen dituen irudien bitartez. Argazkigintzak landa-azterketarako laborategi gisa funtzionatzen du, begirada eta haren konbentzioak zalantzan jartzeko, irudia definitzen edo definitu nahi duten marko normatiboetatik haratago. Bere ikerketa banakoaren mugetan eta identitateari eta agentziarekin lotutako tentsioetan zentratzen da.

