And they will come from de sky (VII, VIII, IX) [Eta zerutik etorriko dira (VII, VIII eta IX)] (2022)
Olioa mihise gainean
35 x 27 cm unitate bakoitza
BA Bilduma
Erregistro Zk: 2022.532.3
And they will come from the sky (VII, VIII, IX) margolanak parapenteen inguruko bederatzi piezako serie baten azken hiru lanak dira, 2022ko udan Sopelako Barinatxe hondartzatik ateratako argazkietan oinarrituak. Bere egonaldian, artistak hainbatetan bisitatu zuen hondartza hori, eta deigarria egin zitzaion inguruneko lasaitasun, askatasun eta naturaren eta parapenteen presentzia errepikariaren —eta arduragarriaren— arteko kontrastea. Tentsio horretatik abiatuta, parapenteak serie honen motibo nagusi bihurtzea erabaki zuen.
Ikuspegi horretatik, objektuaren edertasun formalaren eta haren funtzio praktikoaren arteko harremanetik sortzen da parapenteen seriea. Zentzu abstraktu batean, parapente bat forma geometriko koloreztatu gisa aurkezten da, zeruan flotatzen duena eta argiaren eragina jasotzen duena. Aldi berean, kontrol-tresna bihur daitekeen aireko ikuspuntua ematen du, eta haren ahaide hurbila, hau da, jausgailua ere ekartzen du gogora, gerra-testuinguruekin berezko lotura duena.
Ekoizpen honek aurreko bi lanekin dihardu elkarrizketan: Marelle grecque eta Marelle russe. Soldadu greko eta errusiarrak irudikatzen dituzten antzeko tamainako serieak dira. Horietan, eskala piktoriko txikiak jostailuaren eta irudi errealaren arteko esanahi bikoitzarekin jolasten du. Parapenteekin gertatzen den legez, artistari dimentsio estetikoaren —uniformea, koordinazioa, desfilearen mugimenduak— eta soldadu baten benetako esanahiarekin eta gaitasunarekin kontrastean dagoen itxura kaltegabearen arteko koexistentzia interesatzen zitzaion.
Ara Méndez Murillo (Kordoba, 1997) Arte Ederretan graduatu zen Sevillako Unibertsitatean (2019), eta pintura master bat egin zuen ENSAV La Cambren (2’22). Bruselan -Belgika- bizi da eta bertan lan egiten du. Bere praktika pinturan zentratzen da, eta hor dialektika bat garatzen du piktorikoak soilik diren elementuen eta ikusgai dagoen irudiaren esanahien artean. Bai euren ezaugarri estetikoengatik eta bai euren narrazio-ahalmenagatik erakartzen duten eszenetatik hartutako irudiak erabiltzen ditu. Kontrolarekin, arauekin eta zaintzarekin lotutako gaiak jorratu ohi ditu, eta ezarritako ordenaren zati gisa askotan naturaltzat hartzen diren gaiei buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea.
