Ambientes hostiles [Etsai-giroak] AP (2005)
Bideo-proiekzioa
7’30’’
BA Bilduma
Erregistro zk.: 2005.112.1
Ambientes Hostiles 3Dn eginiko lan bat da. Bertan teknologia abangoardien tradizioarekin eta animazioaren psikologiarekin konbinatzen da. Honen emaitza portaeraren hibrido bitxi bat da, mekanismo bat, hots, osagai kulturalak materiaren sorkuntza bal-dintzatzen du. Mailu batek (aita) eta bere iltzeek (seme-alabak) sortzen dituzten errepikapen sistematikoez osaturiko paisaia bat da; ideiak iltzeen modura sartzen dira: “iltze goriari helduz”, “iltze batek ateratzen du bestea”…
3Dn egindako bideo honetan, Txuspo Poyok etsai-giroa sortzen du, izenburuak dioen bezala, bideojoko askok simulatzen dutenaren antzekoa. Zinemaren eta animazioaren eremuaren inguruko erreferentziek artikulatzen dute lana, planoetan, zooma, travellinga eta antzeko elementuen erabileran, zeinak bideoari zientzia-fikziozko komikietatik edo animazioetatik hurbil dagoen egikera ematen dion. Bestalde, egileak umorezko keinu batzuk egiten dizkio industria zinematografikoari; hasieran, 21st Century Bilbao ageri da.
Artistak erabat alienatzailea den paisaia bat eraikitzen du, non erreferentzia ezagunak gutxi diren, nahiz eta lortu den eraikuntza espaziala zientzia-fikziozko filmetan eraikitako espazioen oroigarri den, eta iltzeak eta mailuak bakarrik ageri diren. Iltze eta mailu horiek, aldi berean, industria-aroa gogorarazten duten sinbolo ahaltsu bihurtzen dira, eta gudarosteak balira bezala dabiltza. Soinu-banda osatzen duten txalaparta-erritmoek espazio itxiaren, errealitate mugatu eta aldaezinaren sentsazioa areagotzen dute. Horrez gain, irudian agertzen ez diren baina ikusleak ezagutzen dituen indarkeriazko eszenak gogora ekartzen dituzten pasarteak daude. Bideo honen irudiak eta soinuak, eredu narratiboetatik urrunduta, agertoki abstraktu itogarria eta gupidagabea eraikitzea lortzen dute ikuslearentzat (Txuspo Poyoren webguneko lan-sortatik ateratako testua).
Txuspo Poyo (Altsasu, 1963). 90eko hamarkadaz geroztik, prozesu-metodologia jakin bat jarraitu du, muntaketaren zentzu oso markatu batekin, ondo-ondoan jarritako istorioak trazatzeko, gertaera jakin batzuen ikerketatik abiatuta, gurutzaketa hibridotan, historiatik, zinemaren mundutik, arkitekturatik eta zientzia-fikzioaren literaturatik hartutako hondakin historikoak eta amaitu gabekoak biltzen dituzten tramak sortuz. Bere lana bakarka erakutsi da BBVA Fundazioan (Madril), Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz) eta Centre d’Art La Panera (Lleida), beste erakunde batzuen artean.
