Izerdi, ile eta hortzekin landutako erakusketa hau azaroaren 18ra arte bisitatu ahal izango da udal zentroko erakusketa aretoan
(Bilbon, 2022ko urriaren 21ean). Bilboko Udalaren ekoizpen zentroak, BilbaoArte Fundazioak, Carlos Ramírez-Pantanella 2021eko artista bekadunaren «Plancken konstantea» erakusketaren ateak ireki ditu. Oraingoan, arkitekto madrildarrak ikerketa zientifikoko proiektu baten emaitzak aurkeztu ditu, gorputzeko hiru hondarretan oinarrituta: izerdia, ilea eta hortzak.
Carlos Ramírez-Pantanella (Madril, 1989) bi interesetatik hasi zen lan hau garatzen: batetik, gorputz-hondakinen ezkutuko karga, hondar horiek gutxieneko ekintza fisikoen eraginpean jartzean errebelatua –tenperatura-aldaketak, argiaren eraginpean egotea–; eta, bestetik, objektu premonetalak eta numismatika, hau da, balioak, ondasunak eta baliabideak kuantifikatzeko materiaren erabilera kulturala.
Izenburuak, «Plancken konstantea», Max Planckek 1900ean asmatutako konstante fisikoari egiten dio erreferentzia, prozesu fisiko batean inplikatutako ekintza-kantitatea adierazten duena. Carlos kontzeptu horretara hurbiltzen saiatzen da gorputz-hondarretatik abiatuta, kuantifikazio materiala zalantzan jartzen duten gutxieneko eraldaketa-energien mende jartzeko.
Emaitza BilbaoArteko erakusketa-aretoan jaso da, datozen asteetan itxura hutsa izango duena: bermatutako beira gutxi batzuk, korrosio-xafla bat eta haziak bezala sakabanatutako pipitak. Erakusketa gauzatzeak ikerketa-proiektu honetan lortutako indar infinitesimal horien adierazpena kalibratzeko eta balioesteko lana ekarri du.
Ikusgai dauden piezak hiru dira. Artistak bere gorputzeko izerdia kobrezko xaflen gainean desizoztuz egindako grabatu korrosibo batzuk, egoitzan zehar moldeetan bildu eta izoztuta. Bi ile-holograma: bata ile gaztekoa eta bestea urdindua, urte honetan Centro de Holografía y Artes Dados Negros-en eginak, Pepe Buitrago holografoaren eskutik. Eta, azkenik, lurrean sakabanatutako hortz-pieza batzuk, fotopolimerizazio-teknika odontologikoetatik abiatuta eginak.
Zentroko aurreko erakusketetan ez bezala, materialek protagonismoa galtzen dute horien gaineko ekintza fisikoak nabarmentzeko. Izerdia ahalegin fisikoa kondentsatzen duen likidoa da, eta, bere gatz-konposizioagatik, korroea. Giza ile baten diametroa argiaren uhin-luzeraren magnitude-ordena berekoa da, eta, beraz, ile-zuntzek argi-sortak difraktatzen dituzte kuantikoki. Eta hortzetako enpasteak berehala gogortzen dira, kateko erreakzio polimerikoen bidez, argi ultramorea aplikatuz. Prozesu autonomoak dira eta artistaren esku-hartzea “egiten uztea” da, ondoriozko “irudi-aztarnak” erregistratze arren.
Katalogoa Enrique Radigalesek diseinatu du, “objektu-gorputz” gisa planteatuz. Erabilitako koloreak proiektua gauzatzean inplikatutako artistaren gorputzeko atalen gainean hartutako laginetan oinarrituta biltzen dira, kolorimetro batekin hartuta daudenak. Marta Ramos-Yzquierdoren testuak biltzen ditu, eta garai eta testuinguru desberdinetako hiru gutun anonimo ekartzen ditu, ikerketa zientifikoa eta numismatikoa osatzen dutenak.
«Plancken konstantea» erakusketa aretoan bisitatu ahal izango da astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era, urriaren 24tik azaroaren 18ra bitartean. Jaiegunetan eta asteburuetan, itxita.
ARTISTARI BURUZ
Carlos Ramírez-Pantanella (Madril, 1989) arkitektoa eta Arte Ederretako lizentziatua Madrilgo Europako Unibertsitatean. Arte Garaikideko Masterra Arte Ederren Zirkuluko SUR Eskolan (Acciona Beka 2019-2021). Arkitektura landako fenomeno gisa lantzen du, eta ibilbideen immateriala adierazten duten ekintza eta keinu minimoen bidez jarduten du bertan. Bere lana Madrilgo Arte Gazte Aretoan, LABoral Centro de Arte y Creación Industrial, C Arte C, Haus der Kulturen der Welt Berlin, AEDES Gallery Berlin, INJUVE Instituto de la Juventud, Círculo de Bellas Artes eta Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialean erakutsi da.
