BilbaoArtek martxoan ekingo dio bere Art House Zinemako zine programazioari, sorkuntza artistikoa ardatz duen ziklo batekin
(Bilbon, 2023ko martxoaren1ean). BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen artistikoaren zentroak, 2023 honetan zehar Art House Zinema aretoan arte-jardunari buruzko lau proiekzio-zikloz osatutako programazioa eskainiko du, begirada zinematografiko batetik, Fuera de Camporekin duen lankidetzari esker. Zortzi filmeko ziklo bakoitzak, gainera, saio berezi bat izango du, zuzendaria bertan dela, jardunean dauden zinemagileei ikusgarritasuna emateko.
Fuera de Campoko arduradun diren Maite Choyak eta Daniel Alegretek adierazi dutenez, ziklo hauek osatzen dituzten filmek artearen eta zinemaren arteko topaguneak proposatzen dituzte, bereizten dituzten mugak tenkatu eta hedatzeko asmoz. Alde batetik, artistaren figura tradizionala birpentsatu eta bere sormen prozesura hurbiltzea bilatzen da, baita ingurune zinematografikoa beste diziplina batzuekin hibridatzea esperimentazio-eremutzat hartzea. Era berean, artearen sistemaren engranajeak agerian jartzen, hala nola museoaren eta zinemaren arteko harremana, eta erakusketa lekuak ikuslearen begirada nola baldintzatzen duen kontuan hartzen saiatzen da.
BilbaoArtek aurten eskainiko dituen lau zikloetako lehena, «Work in process» izenekoa, martxoaren 1ean hasi eta apirilaren amaiera arte luzatuko da. Lehen multzo honen aukeraketak fikziozko zein fikziozkoak ez diren hainbat film biltzen ditu, gehienak edozein etiketa motatatik ihes egiten dutenak. Sormen-prozesuaren parte diren faseetan zehar ibilbide bat proposatzen da, inspiraziotik azken obra gauzatu arte. Agertzen diren artistak izaera askotakoak dira, eta horrek margolariak, musikariak edo zinemagileak biltzen dituen mosaiko bihurtzen du ziklo hau.
Gainera, martxoaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, zuzendarien arteko bat izango da BilbaoArten, Bruno Delgado, eta berarekin solasaldia egingo da proiekzioaren ondoren.
«WORK IN PROCESS» PROGRAMA (Martxoaren 1etik apiriliaren 26ra):
Martxoak 1, 19:00
Tokyo-Ga (1985), Wim Wenders. 89’.
Martxoak 8, 19:00
El contrato del dibujante (1982), Peter Greenaway. 103’.
Martxoak 15, 19:00
Level 5 (1997), Chris Marker. 104’.
Martxoak 22, 19:00
Un baile con Fred Abstrait + Una película en color (2020), Bruno Delgado. 58’. + Solasaldia zuzendariarekin
Martxoak 29, 19:00
20.000 días en la tierra (2014), Iain Forsyth, Jane Pollard. 97’.
Apirilak 12, 19:00
Ne Change Rien (2009), Pedro Costa. 100’.
Apirilak 19, 19:00
Free Radicals: A History of Experimental Film (2011), Pip Chodorov. 82’.
Apirilak 26, 17:00
La bella mentirosa (1991), Jacques Rivette. 230’.
Sorkuntza-prozesua ardatz duen lehen ziklo horren ondoren, beste hiru ziklo etorriko dira: alde batetik, artisten figurari eskainitako bat; bestetik, tradizionalki artea erakusteari lotuta egon diren espazioei eskainitako bat; eta, azkenik, arte-zuzendaritza ekoizpenaren elementu nagusi gisa hartzen duten filmei eskainitako bat:
– Maiatza eta ekaina bitartean, «Biopic-a baino haratago» zikloa proiektatuko da, artista baten irudiaren inguruko filmez osatua, baina biopic formatu tradizionaletik urrun. Film hauek, askotariko zinemagileen ahots autoralaren bitartez, artistarengana eta bere konplexutasunengana hurbiltzeko modu ezberdin bat proposatzen dute, erretratatutako artistaren eta erretratatzen duen artistaren arteko elkarrizketa bat ezarriz. Horietako bakoitza zinemagilearen berezko unibertso zinematografikoaren barruan kokatzen da, eta, oro har, arteari buruzko hainbat ikuspegiren collage bat eskaintzen dute, baita zinema modernoaren hainbat joeratako ibilbide historiko bat ere.
– Udako hilabeteen ondoren, hirugarren zikloa iritsiko da, tradizioz artearen erakusketari lotuta egon diren espazioetan filmatutako hainbat pelikularekin. Film horiek museoaren ideiara hurbiltzea dakarte, baita museoaren historian eta aurrez aurre izan dituen aldaketetan zehar ibilbidea egitea ere. Film horiek artearen sistemari buruzko hausnarketa planteatzen dute, bai arte-merkatuan oinarritutako ikuspegi kritikoago batetik, bai ikuslea leku horietako mikrokosmosean murgiltzea bilatzen duen behaketa-jarrera batetik.
– Urteko azken zikloan, arte-zuzendaritzak garrantzi handia duen pelikulak izango dira, haien elementu definitzaile bihurtzeraino. Artista ospetsuek dekoratuen diseinuan eta eraikuntzan parte hartzen duten lanak dira, espazio horiek gorputzez hornituz. Eszenografia ez da pertsonaiak bizi diren agertokia bakarrik, berez pieza bat bezala eratzen da.
