Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 1era arte egongo da zabalik
(Bilbon, 2022ko martxoaren 11an). BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren arte garaikideko zentroak, gaur ireki ditu proposamen artistikoen lehiaketa berri batera aurkezteko epeak, zentroaren fatxada nagusiko pintura berritzeko helburuarekin. Saria 6.000 € gordinekoa izango da, eta Bizkaian jaio edo bizi den artista orok parte hartu ahal izango du, adin-mugarik gabe. Parte hartzeko epeak apirilaren 1era arte egongo dira zabalik.
Ia 25 urteko jardueraren ondoren, eraikinaren fatxada nagusiak saneamendu- eta pintura-lanak behar ditu. Horri izaera eta berezitasuna emateko aukera aprobetxatuz, Bilbao Arte Fundazioak bere inguruko arte-munduaren lankidetza bilatzen du, eraikinaren fatxada nagusia oinarri piktorikoarekin berritzeko proposamen-lehiaketa bat antolatuz.
Fundazioak, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzen duten irizpideei jarraituz, gehienez 10 hautagaitza hautatuko ditu. BilbaoArtek herritarren laguntza izan nahi du auzoaren ezaugarrietara hobekien egokitutako proiektua bozkatzeko, eta, beraz, hautatutako proposamenak apirilaren 11tik 22ra egongo dira ikusgai Fundazioaren Kristalezko Patioan.
Azkenik, hainbat esparrutako epaimahai batek proiektu irabazlea aukeratuko du, herri-bozketaren emaitza kontuan hartuta. Hautatutako proiektua enpresa profesional espezializatu batek gauzatuko du, betiere bere artisten ikuskaritzapean.
